Hondarribia-Donostiako aireportuak bi hegaldi berri izango dute Madrilera
Hondarribia-Donostiako aireportuak Donostia-Madril airelineako bi hegaldi berri jarriko ditu martxan datorren neguan, hegaldiak ostiralean aterako dira.
Joan den apirilean Ortzibia eta Iberiaren artean izandako bileran Madrileko airelinearen garraioa sustatzea erabaki zen, horretarako aire konpainiak prezio lehiakorragoak eskaini zituen eta uda garaian bidaiarien kopurua handitzen bazen Donostia-Madril arteko airelinearen edukiera handitzeko konpromisoa hartu zuen.
Aire konpainiak uda honetan Donostia-Madril artean izaten ari den bidaiari kopuru altua kontutan hartu du eta bere eskaintza handitzea erabaki du neguko denboraldiko ostiraletan martxan jarriko diren bi hegaldi berriekin.
Hegaldi berri hauek orain dagoen eskaintzara gehituko dira eta ostiraletan aterako dira, 16.10etan Madriletik eta 18.00etan Donostiatik.
Ordutegi berriak azaroaren batetik aurrera sartuko dira indarrean.




